XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKAL IKASKUNTZAK BIBLIOTEKA.

1974eko otsailean, Deustuko ikasle-ohien Elkartearen Boletinak eta Bilboko prentsak jakinerazi zuten 1974eko urtarrilaren 31an egin zen Plenoan Bizkaiko Foru Aldundi Txit Gorenak Deustuko Unibertsitateari atxekitako Bizkaiko-Ikaskuntzen Unibertsital Saila sortzeari bere onespera eman zieneko berria.

Sail honen xedeetariko bat ikerkuntza eta euskal kultura bizkortzea izanik, ekin behar izan zion betebeharrik premiazkoena euskal gaietan espezializaturiko biblioteka bat lortzea izan zen.

Urte horretan bertan, aipaturiko Sailaren Patronatuaren Batzarrak zuzendaritza eman zion Andres E. de Mañaricua y Nuere jaunari; beronek ere zuzendu zuen Informazio Bibliografikoaren Bulegoa bere ordurarteko zuzendaria izan zen Carlos González Echegaray jauna Madrilera aldatu zenean.

Sail hau 1979.ean Euskal Ikaskuntza Institutoa bilakatu zenerako, jadanik biblioteka bikaina dauka, eta bere egiazko egile izan zen Andres de Mañaricua jaunaren ardurapean jarraitzen du aro berri honetan ere.

Bere sorreratik Biblioteka hertsiki lotu zaio euskal tematikari, baina, euskal gaietan espezializaturiko beste biblioteka askotan bezalaxe, badute eta izango dute lekurik Enrique Knorr-en hitzetan esanda: Los materiales secundarios con relevancia en el campo de los estudios vascos, hala nola Euskal Herriak, nolabait harremanik izan duen inguruko herriak (Akitania, Bearne, Pirinioak, Aragoi, Errioxa, Burgos eta Kantabria).

Bere gaur eguneko liburu-bilduma, 20.000 aletik gorakoa, 1.100 alez osaturiko liburu-bilduma txiki batetik abiatu zen; hasierako bilduma hau Deustuko gainontzeko biblioteketan sakabanatuta zeuden euskal gaiei buruzko liburuak Bizkaiko Ikaskuntza-Sailaren lokaletan bilduz sortu zen.

Azken urteotan hasierako liburu-bilduma hau etengabean aberasten joan da uzkuntza, emaitza eta, batez ere, liburu berri zein zaharretan egindako erosketei esker.

Lehendabiziko urteetan azpimarkatzekoak dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Bibliotekak zein Labayru Ikastegiaren Euskal Bibliotekak egin zituzten obra bikoiztuen emaitzak, eta era berean 1984ean Francisco de Abrisqueta jaunaren bibliotekaren parte haundi baten emaitza.

Uzkuntzen artean, 1981-82 ikasturtean orduarte Teologia Fakultatearen bibliotekan zegoen Mensajeroren euskal liburu-bildumarena aipatuko dugu, baita DEIKERek egindakoak ere, bai sail horretan buruturiko lanena bai beste zenbait materialena.

Unibertsitatean lekuturik egon arren, biblioteka beti egon da zabalik irakurlego osoari, bere erabiltzaileak gehien bat ikertzaile, erudito, irakasle eta unibertsital-ikasleak izan direlarik.

Esan dezagun, azkenik, bere aldizkako argitalpensailak baduela argitara emandako katalogo bat.